XVIII. mendearen azken aldian eraiki zen Urune Hotela; garai hartako arkitekturaren adierazgarri da, beraz.

Urune hotela edertasunaren kontzeptu soila da, eta garaiko burgeseriaren ikur den euskal arkitektura-tradizioari hertsiki lotzen zaio. Urune etxea Antonio Etxebarriak, Gernikako Juntetxeen (Gernikako Arbolaren egoitzaren) arkitekto esanguratsuak, XVIII. mendean, 1780aren inguruan egin zuela uste da.

Etxe honen bereizgarrietako bat leihoetako burdinazko barroteak dira, garai hartako gatazken aurrean defentsa egiteko ipiniak: Independentzia Gerra (1808-1814) eta 1. Gerra Karlista (1833-1840). Era berean, Gerra Zibilean iheslarien gordeleku izan zen Urune. Tamaina handiko armairu batek sarbidea estaltzen zuen gela batean ezkutatu ziren.


Urunek (lehenago Uriguen deitua), urian goren dagoen aldea esan nahi du, URI eta GUEN edo GOIEN elkartuta.

Baserriaren kokalekua izenari lotuta dago, Atxeli mendiaren hegal altuenetan baitago. Bertatik, Gernika-Lumo eta Urdaibaiko itsasadarra ederto ikusten dira. Denboraren eta hizkuntzaren erabileraren poderioz, jatorrizko Uriguen izenaren ordez Urune erabiltzen hasi zen.

Eraikin sendoa da eta etxearen atzeko aldeko hormaren alboan ehun urtetik gorako artea ikus daiteke. Ohikoa zen agerien zeuden baserrien ondoan hosto iraunkorreko zuhaitzak landatzea, aire librearen eragina zela eta, beroa galtzea galaraziko zuen hesi naturala sortzeko. Hotela zaharberritzeko lanetan, etxearen atzeko aldea babesten zuen pinu itzela bota zen.

Euskal Herrian familien abizena baserriaren izenetik eratortzen da. Adibidez, Magunagoikoetxea deituran, Maguna auzoko goiko etxea ikus dezakegu.

Euskaldunentzat etxeak izaera sakratua zuen, etxekoen tenplua zen. Jose Miguel Barandiaran etnografoak, adibidez, izaera hori jaso eta nabarmendu zuen. Etxean kristautasunaren elementu magikoak eta antzinateko, naturari lotutako unibertso mitikoko, erreferentzia ugari biltzen ziren.

Jarduera haietako asko oraindik orain mantentzen dira, jatorrian zuten fede-edukirik gabe. Orduko hartan, zeruari edo beste indar ikusezinei deitzen zitzaien, etxea eta bertan bizi ziren etxekoak babestekotan.